×

Gure produktuak

Kontrol-panela proba moduan

Probatu eta konfiguratu zure produktuak eta zerbitzuak. Panel hori erabiltzailea autentifikatzen den unean aktibatzen da.

Nola egiten dira contactless ordainketak?

Kontaktu gabeko ordainketak ospe handia lortu dute azkarrak eta erosoak izateagatik

Txartela terminalean sartu gabe transakzioak egiteko aukera ematen duen metodo hau denda askotan dago erabilgarri, eta gero eta jende gehiagok du gustuko eguneroko erosketak egiteko unean. Erabiltzen hasteko jakin behar duzun guztia azalduko dizugu.

Zer dira contactless ordainketak?

Euskaraz kontakturik gabeko ordainketatzat ezagutzen dira, eta txartela, mugikorra, erloju adimenduna edo bateragarria den beste gailu bat ordainketa-terminal batera hurbilduz egiten diren horiek dira. Ez duzu txartela irakurgailuan sartu edo bertatik pasatu; beraz, prozesua azkarragoa eta eraginkorragoa da. 

Teknologia honek NFC (Near Field Communication) izeneko irispide laburreko komunikazioari esker funtzionatzen du. Gailua terminalera hurbiltzen duzunean, transakzioa osatzeko beharrezkoak diren datuak modu seguruan trukatzen dituzte biek.

Nola egin contactless ordainketak urratsez urrats

Kontakturik gabeko ordainketa-prozesua oso erraza da, txartela zein gailu mugikorra erabili. 

  1. Egiaztatu terminalak kontakturik gabeko ordainketak onartzen dituela: ST (saltokiko terminal) gehienek Wi-Fi ikurraren antzeko ikur bat dute, teknologia honekin bateragarria dela adierazteko. 
  2. Hurbildu txartela edo gailua terminalera: Jarri txartela, telefono mugikorra edo smartwatch-a irakurgailutik hurbil. Ez du euskarririk behar; zentimetro batzuetara eutsi besterik ez duzu. 
  3. Itxaron berrespena: Terminalak soinu bat egin edo mezu bat bistaratuko du, ordainketa onartu dela adierazteko. 
  4. Beharrezkoa bada, idatzi PIN kodea: Erosketa txikien kasuan, normalean ez da PIN kodea edo sinadura behar, baina zenbateko handiagoetarako, terminalak transakzioa berresteko eska diezazuke. 

Gailu mugikorra edo smartwatch-a erabiliz gero, ziurtatu aldez aurretik wallet digitala edo ordainketa-aplikazio bat konfiguratu duzula. Zure banku-datuak babesteko, erabili bakarrik wallet fidagarriak. Hortik, zure kreditu- edo zordunketa-txartela lotu eta contactless transakzioak erraz egin ditzakezu. 

Non erabil daitezke contactless ordainketak?

Teknologia honen moldakortasunari esker, hainbat lekutan erabil daiteke: 

  • Supermerkatuak eta dendak: asko arintzen du ordainketa-prozesua kutxetan. 
  • Jatetxeak eta kafetegiak: fakturak ordaintzeko modu azkarra da. 
  • Garraio publikoa: hiri batzuetan, autobus- edo metro-txartela ordain daiteke txartela edo telefono mugikorra irakurgailuaren ondoan jarrita. 
  • Salmenta-makinak: Mokadutxoak, edariak eta bestelako produktuak eskaintzen dituzten gero eta makina gehiagok dauzkate contactless irakurgailuak. 

Contactless ordainketen abantailak

  1. Bizkortasuna: Keinu bakarra eginez, azkar eta erraz ordain dezakezu. Bikaina da erosketa txikietarako, kutxan ordaintzeko denbora murrizten baitu. 
  2. Erosotasuna: Telefono mugikorra edo smartwatch-a erabil dezakezu ordaintzeko, eskudirua edo txartel fisikoak soinean eraman gabe. 
  3. Segurtasuna: NFC komunikazioa nahiko segurua da, distantzia laburretan bakarrik funtzionatzen duelako eta ez duelako titularraren inguruko datu sentikorrik gordetzen. 

Modu seguruan erabiltzeko gomendio batzuk

Kontakturik gabeko ordainketak seguruak diren arren, beti komeni da zenbait neurri hartzea: 

  • Ezarri gastu-mugak: Txartelak erabiltzen badituzu, egiaztatu PIN koderik gabeko ordainketa-mugak, are lasaiago egon zaitezen. 
  • Blokeatu zure gailuak: Babestu zure telefono mugikorra edo smartwatch-a kode edo hatz-markaren bidez, gailua lapurtzen badizute edo hura galtzen baduzu, baimenik gabeko pertsonek gailua erabil ez dezaten. 
  • Kontrolatu zure mugimenduak: Berrikusi zure kontuetako ordainketak aldizka, irregulartasunak antzemateko.